Matematika, Hezkuntza eta Generoa Gurutzatzen diren Lekuak: Kartografia Bat
Uzuri Albizu Mallea
«Zenbaterainokoa da zientziaren eta maskulinitatearen arteko lotura historikoa?», itaundu zuen Evelyn Fox Keller fisikari eta epistemologo feministak Reflexiones sobre género y ciencia liburuan, 1985ean. Galdera horri erantzuteko, zientziaren historian garrantzitsuak diren bi momentutan jarri zuen fokua, Grezia klasikoan eta Aro modernoan, eta zientzia-sistema klasikoak eta modernoak genero-sistemekin dituzten elkarreraginak aletu zituen. Hitzaldi honetan,Fox Kellerren analisi horretatik abiatuko naiz argudiatzeko matematikaren eta maskulinitatearen artean ere lotura historiko sendoak daudela. Gainera, matematikak moketipoa gizon zuri eta klase ertain-altukoa dela.
Matematika-hezkuntzan aurki daitezkeen genero-dinamikez jardungo dut hurrena. Horretarako, matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen berri eman nahi duten lau ibilbide zirriborratuko ditut:
Lehenengo ibilbidearen bitartez, matematikak hezkuntza-sisteman duen pribilegio posizioa ezaugarrituko dut, gainerako diziplinekiko botere-harremanetan sakonduz eta horrek ikasleengan eta hezitzaileengan dituen ondorioak aztertuz.
Bigarren ibilbidean, matematika-hezkuntzarekin lotutako genero-estereotipoak aletuko ditut, eta horiek ikasleengan zein hezitzaileengan duten inpaktuan sakonduko dut.
Hirugarren ibilbidean, matematika-ikasgelan dauden partaidetza eta harreman-ereduak konparatuko ditut, matematika-ikasleen parte-hartzea oztopatu edo, kontrara, sustatu dezaketen elementuak identifikatu asmoz.
Laugarren ibilbidean, hutsegitea kudeatzeko moduek matematika-ikasleen konfiantzan nola eragiten duten aztertuko dut, porrotaren erabilera produktiboak ikasle nesken konfiantza hauspotzeko eskain ditzakeen aukerak esploratuz orobat.
Hitzaldiari bukaera emateko, lau ibilbide horiek osatzen duten kartografiatik eratorrirako gako batzuk proposatuko ditut, hausnarketarako eta eraldaketarako balio dezaketelakoan.
Biografia
Uzuri Albizu Mallea (Munitibar, 1989) matematikan lizentziatua da. Hiru master ikasi ditu: Matematikaren didaktikan masterra eta Bigarren hezkuntzako irakaskuntza masterra Granadako unibertsitatean, eta Ikasketa feministak eta generokoak masterra Euskal Herriko Unibertsitatean.
Bigarren Hezkuntzan matematika irakasten aritua da, baina 2015etik Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan, Gasteizko Hezkuntza Fakultatean. Bertan, Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleei matematika eskolak ematen dizkie.
Zientziaren dibulgazioan ere aritu da azken urteotan. Batetik, Gasteizko Hala Bedi herri-irratian, Sueltala Olla magazineko “Cienciay pensamiento crítico” atala gidatu zuen 2018 eta 2021 bitartean, Estitxu Villamor fisikari eta ekintzaile ekologistarekin batera. Bestetik, Berria egunkarian zientziarekin eta feminismoarekin lotutako iritzi artikuluak ere idatzi zituen urte horietan zehar, Villamorrekin eskuz esku hemen ere.
Diziplinartekotasuna da Uzuriren ibilbide akademikoaren ezaugarri behinenetako bat. Diziplinarte horretatik ondu du, hain zuzen, 2023ko uztailean defendatutako doktore tesia, “Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak: ahots feministek lagundutako kartografia bat” izenburupean.
Neurologia eta Neurofisiologia Zerbitzuko burua, Donostia Unibertsitate Ospitalea 2017ra arte; EHUko Medikuntzako katedradun emeritua (Neurologia); Euskadi Ikerketa Saria, 2014ko zientzia eta teknologia modalitatean; irakaskuntzan eta ikerketan Elkargoko Medikuntzako Erakundearen ibilbide profesionalaren saria, 2016an; Jakiundeko kidea eta Ikerbaskeko patronoa (2016/2020); Ilundain Fundazioko eta Aubixa Fundazioko lehendakaria (2017-2022).